Gora jai herrikoiak !
Otxarkoaga auzoko jaiak ekainaren 9tik 17ra arte izango dira eta hainbat ikuskizun antolatu ditu urtero legez Otxarkoagako Jai Batzordeak. Aurtengo ekitaldi berrien artean Bertso Hop, bertsoa eta Hip-Hopa uztartzen dituen emanaldia daukagu, besteak beste.
Igor Velez, Otxarkoagako Jai Batzordeko kidea eta Oihana Bartra Bertsolari eta Bertso hoparen antolakuntzaren arduradunek kontatuko digute aurtengo jaiek zer berri duten.
Noiz eta zergatik sortu zen batzordea sortzeko beharra?
Otxarkoagan betidanik egon dira jaiak edo behintzat hori da bizilagunek kontatzen dutena, justugune erromeria horren lekuko da. Egia da, aurreko jai batzordeen iraupena ez zela urteetan asko luzatzen (3-4 urtez lan egin eta gero desagertzen ziren), jaiak prestatzea asko erretzen duelako. 2 urtez desagertuta egon ondoren 2000. urtean, eta batez ere auzoko komertzianteek bultzatuta, sortu zen oraingo jai batzordea «Otxar jaiak´´, auzoan kultura eta auzoko bizitza berreskuratzeko beharra ikusten zelako. Hortik gaur egunera jarraipena izan duten jaiak.
Zein da bere helburua?
Jai batzordearen lehen helburua Otxarkoagan jai herrikoiak burutzea da. Baina helburu gehiago ditugu hala nola; auzoan alternatiba kulturalak garatu, auzoko izaera positiboa bultzatu, auzoko euskalduntze lanean lagundu, auzoko parekidetasun lanean lagundu, auzo anitz eta zabal baten parte izan, auzoan desberdinen arteko elkarlana sustatu, etab. Azken finean gure helburu guztiak laburbildu genezakeen helburu bakarrean: auzo bizi bat eraiki.
Zein ekitaldi antolatzeaz arduratzen zarete?
Urtean zehar hiru ekitaldi handi antolatzen ditugu: Olentzero, inauteriak eta auzoko jaiak.
Olentzero festan antolakuntzaren pisu gehiena Goizalde eskaut taldea darama eta guk laguntzaile moduan egiten dugu lan.
Inauterietan antolakuntza osoaz arduratzen gara eta saiatzen gara auzoko inauteriak berpizten, gutxika gutxika aurrera doan helburu bat.
Eta azkenik, auzoko jaiak antolatzen ditugu, 9 eguneko programazioarekin non programazio anitz eta erakargarri bat osatzen saiatzen garen.
Aurten martxan jarri dugun proposamen berri bat jai tematikoak egitearena da. Jai hauek auzoko taberna desberdinekin elkarlanean eginiko jaiak dira non gau batez taberna hori eta inguruko zonaldea girotzen dugu gai baten inguruan ondo pasatzeko. Lan guzti hauek ezinezkoak lirateke aurrera eramatea auzoko eragile, merkatari eta auzokideen laguntzarik gabe, auzoan jasotzen dugun babesa eta laguntza oso handia baita.
Zelako garrantzia uste duzue dutela gaur egun auzoko jaiek? “Auzotik eta auzoarentzat, ikuspuntu ezberdinekin” dio lema batek, ados?
Auzoko jai batzordeek egiten duten lana funtsezkoa da auzoentzat. Auzoko jaia ez dute balio bakarrik ondo pasatzeko, hori oso garrantzitsua delarik ere, baizik eta auzo izaera indartzeko, jendea antolatzeko, eragile, merkatari eta auzokideen arteko elkarlana bultzatzeko, euskera sustatzeko, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna bultzatzeko, aniztasuna eta eredu inklusiboak gauzatzeko, auzoko ekonomian inpaktu zuzena daukate, etab. Eta guzti hau 3 miloi publiko gastatu gabe, oso baliabide gutxirekin, jendearen lana eta ilusioarekin batez ere.
“Auzotik eta auzoarentzat, ikuspuntu ezberdinekin” lemarekin erabat ados, auzokideek baitakite zein den haien errealitatea, egunero bizi dutelako, eta kapazak direlako auzoko nahiak bideratzeko. Auzoan lan egiteko eta laguntzeko auzokideoi entzun behar zaigu eta baliabideak ahalbidetu guk amesten dugun auzoa eraiki dezagun. Auzoan jaiak erakargarriak badira auzokideok eginikoak direlako da, eta auzoaren partaidetza gora doa urtero.
Nondik lortzen duzue burutzen dituzuen ekintzak lortzeko dirua?
Gure kasuan diru sarreren portzentaje altuena gure kabuz lortzen dugu %90 baino gehiago seguruenik.
Udaletxetik jasotzen dugun diru laguntza 1500€ ingurukoa da auzoan urtean zehar garatzen ditugun ekintza guztien artean banatzeko eta horretaz aparte hiru edo lau ekintza lortzen dizkigute. Horrekin ez dugu ezta jaietako % 10 ordaintzen.
Gure diru sarrera altuena auzoko jaietan jartzen ditugun bi txosnetan ateratzen dugun dirua da. Bat jai batzordeak jartzen du eta bestea Pa…ya auzoko konpartsak jartzen du eta bi txosnetan ateratzen den diru guztia jaiak ordaintzeko balio zaigu.
Ere eskertu behar dugu eta laguntzen digute asko jaiak aurrera ateratzeko auzoko merkatari eta eragile desberdinak bai dirua jarriz edo ekintzak burutzen, lehen esan dudan bezala haiek gabe ez litzateke posible izango auzoan jaiak burutzea.
Otxarkoagako jaien harira, nobedaderik egongo al da aurtengo jaietan?
Aurten programazioa nobedadez josita datorkigu. Beti saiatzen gara programazioa ahalik eta zabalena egiten eta auzokide zein bisitan etortzen direnen gustukoa izatea. Horretarako mantentzen ditugu urtero jendea erakartzen eta haien gustukoak diren «klasikoak´´; dardo lehiaketa, 3×3 basket lehiaketa, flamenko erakustaldia, Havana 537, punk festibala Lozoñon… eta klasiko bihurtzen hasi direnak; rap lehiaketa edo CD Otxarkoagak antolatzen duen futbol 7ko lehiaketa.
Baina bai, aurten ere nobedadeak baditugu eta nahiko pozik gaude uste dugulako kalitate salto bat eman diotela programazioari eta jendearen gustukoak izango direla.
Batzuk aipatzearren: pelota erakustaldia Lozoñoko frontoian, Andoni Gago , auzoan dugun Europa txapelduna, eta Juan Alberto Martinek, auzoko boxeolari profesionala, egingo duten boxeo master class eta erakustaldia eta Bertso hop formatu berritzailea auzoan; Oihana Bartra, Iñaki Viñaspre eta La Basurekin euskararen egunean.
Baina hain da zabala aurtengo programazioa hoberena irakurtzea dela zure gustukoa den ekimen bat baino gehiago aurkituko baituzu.
Zer da Bertso Hop?
Bertso hop, bertsoa eta hip hopa uztartzen dituen emanaldia da. Momentu batzuetan raperoek rapa egiten dute; beste momentu batzuetan bertsolariek bertsotan, baina bereizgarriena da momenturen batean bi arloek bat egiten dutela.
Nondik dator bertsoa eta hip-hopa batzeko ideia?
Bertsolaritzan oso ohikoa izan da bertsoak bestelako diziplinekin batzea. Egin izan dira bertso marrazkiak, bertsoa eta antzerkia batera, bertso jazza, dantza eta bertsoa uztartuta, bertso saio musikatuak..
Beraz, hau esperimentazio bide horietako beste bat da. Gainera, bertsoak eta rapak gauza asko dituzte komunean eta nahasketa berezia bada ere, aldi berean, oso natural geratzen da.
Oihana Bartra bertsolaria izango da bertsoen ardura izango duena? Eta hip hopean?
Bertsotan Oihanaz gain Iñaki Viñaspre ibiliko da, abetxukoarra. Bera bertsolaria da, baina rapeatzen oso-oso abila eta makina bat gauza egindakoa. Hip hopean, berriz, La Basu ariko da. Gaur egun topera ibiltzeaz gain, bertsoarekin batera saio batzuk egindakoa da eta badu esperientzia.
Zein da ekintza berri honen helburua?
Helburu nagusia jendeak ondo pasatzea da, eta jendeak ikustea euskaraz gauza dibertigarri eta erakargarriak egin daitezkeela. Euskararen eguneko programazioan dago sartuta.
Ekintza hau Otxarkoagan horrelako zerbait egiten den lehen aldia da. Beste urte batzuetan raperoak egon izan dira, baina gaztelaniaz. Lotura hori apurtzea ere bada helburua. Rapa ere euskaraz egin daiteke, eta kasu honetan emakume euskaldunberri kañera baten eskutik.
Zelako harrera uste duzue izango duela ekintzak?
Lehenengo urtea izanda, ezin da jakin zelako arrakasta izango duen, baina zerbait polita eta desberdina dela kontuan hartuta jendea hurbiltzea eta datozenak gustura egotea espero dugu.
Izenak, Negu Gorriak taldeak Bertso Hop izenarekin kaleratutako diska gogora ekartzen digu.
Bai, hori da uztarketa horren lehenengo erreferentzia, eta zabaldu zuen esperimentu txiki horrek bide bat. Hortik aurrera egindakoak horren garapen moduko bat dira.
Azkenik, zer egin behar da ekintzan parte hartu ahal izateko?
Ezer berezirik ez. Otxarkoagako Ugarte plazara hurbiltzea eta emanaldiaz gozatzea. Hori baino ez. Beraz, animatu eta etorri!
Comments: no replies