“Ezinbestekoa da haurrek ikustea inguruko helduek liburuetara jotzen dutela”
Txurdinaga Eskolan eta ondoren Gabriel Aresti Institutuan ikasi zuen Lur Gallastegik. Nahiz eta itzulpengintza eta interpretazioa ikasketak egin irakaskuntzan aritu izan da beti. Irakurtzea eta idaztea txikitatik izan ditu gustuko baina ez hori bakarrik, izan ere, Lur Gallastegik idatzitako Saharako itsasoa nobelak irabazi du 2018ko Mikel Zarate haur literatura saria. Bere hirugarren liburua kaleratzear dagoela elkarrizketa bat egin diogu horren inguruan zertxobait gehiago jakiteko.
Noiz ikusi zenuen zure burua idazle bezala?
Ez dakit nire burua idazletzat joko nukeen ere, baina izatekotan, oraintxe da, nire hirugarren liburua kaleratzear nagoela.
Noiz hasi zinen idazten?
Betidanik idatzi dut, idazten ikasi nuenetik. Txikitan ipuinak, gerora institutu garaian garapen bat izan zutenak, bereziki ipuinetan agertzen ziren gaien aldetik eta forma aldetik. Gasteizen ikasi nuen garaian poema pila idatzi nituen, hautatutako ikasketak oso aspergarriak iruditzen baitzitzaizkidan. Izugarri irakurri nuen garai hartan, baina bereziki, liburuak erosi nituen. Gero, urte asko egon nintzen ia idatzi gabe eta ama izan ondoren hartu nuen berriz ere idazteko ohitura, haurrentzako ipuinak orduan.
Eta zerk bultzatu zintuen idazle izatera?
Idaztera barruko grinak bultzatu nau beti, baina egia da, garai bakoitzean arrazoi ezberdinak egon direla: fantasiazko munduak asmatu eta deskribatu nahia, injustiziak salatu nahia, gauzak aldatu nahia edota hausnarketa eragin nahia eta kontzientziak astindu nahia dira haietako batzuk.
Zure lehenengo liburuak argia ikusi aurretik ibilbide luzea egongo da atzetik ezta?
Ba aurretik esandakoa, gutxi gora behera. Txikitan eskolan eta gero institutuan idatzitakoak. Bilboko Udalak antolaturiko Mikoleta Saria ere irabazi nuen behin. Eta ondoren niretzat idatzi dut bereziki, lehen ipuina argitaratu zidaten arte.
2016an Uda bat Senegalen liburua argitaratu zenuen. Gazte literaturan publikatutako zure lehen liburua. Zein da liburuaren ardatza edo abiapuntua?
Liburuaren ardatza, familia batek Senegalera egindako bidaia da. Bertan hainbat gai agertzen dira, hala nola, ablazioa, heriotza, emozioak…
2017an berriz, Limoiondoaren loreak. Ze mezu transmititu nahi duzu idatzitako liburu bakoitzean?
Limoiondoaren loreak liburua oso berezia da niretzat. Euskal Herrira Nikaraguatik etorritako familia baten historia kontatzen du eta Iraultza Sandinistaz hitz egiten du, besteak beste. Hegoamerikar literatura eta honen idazleak deskubrimendu handia izan ziren niretzat: Gioconda Belli, Marcela Serrano, Isabel Allende, Mario Benedetti, Julio Cortazar, Gabriel García Márquez… Guzti hauek Gabriel Aresti institutuan irakasle izan nuen Irune Sasiari esker ezagutu nituen eta hauen liburuek arrasto handia utzi zuten nigan. Ez da denbora asko Irune hil zela eta egia esan, penaz geratu nintzen inoiz ez bainion adierazi nolako aukera eman zigun gelan liburu haiek gomendatuta.
Nori daude zuzenduta zure liburuak?
Gaur egun haur literatura deitzen den horren barruan kokatuko nituzke, baina helduek ere irakur ditzakete. Hori du ona haur literaturak. Bada pedagogo italiar bat, Francesco Tonucci, lan handia egin duena haurrek hirietan duten lekua aztertu eta hau hobetzeko proposamenak eginez. Bada, Tonuccik zera dio: haurrentzat egokia den hiria, denentzat da egokia. Bada, gauza bera gertatzen da haur literaturarekin.
Saharako itsasoa nobelari esker, Mikel Zarate Saria irabazi duzu. Zer kontatu nahi izan duzu liburu honen bitartez?
Euskal Herrira Saharatik etorritako haur baten istorioa kontatzen du ipuinak, baina hori sentimendu eta emozio batzuei buruz idazteko kontestua da bereziki. Harreman eta pertsona ezberdinen artean gerta daitezkeen gatazkez hitz egiten du ere: gurasoen artean gerta daitezkeenak, lagunen artean, egoera politiko jakin baten ondorioz sorturikoak…
Miren Agur Meabe, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak zure liburua aukeratu du aurkeztutako bederatzi lanen aurretik. Zer suposatu du zuretzat saritua izatea?
Poz handia hartu nuen berria eman zidatenean. Horiek bezalako idazle batzuen partetik errekonozimendua jasotzea oso pozgarria da.
Eta zer uste duzu ikusi duela epaimahaiak zure liburuan azken hau beste guztien aurrretik saritzerako orduan?
Ba auskalo. Sariketetan epaimahaiak ez die inolako azalpen edota aholkurik ematen ez saridunei ez eta sarituak izan ez direnei. Hori da lehiaketek duten alde txarra, inoiz ez dakizula zure lana zeren baitan baloratu duten. Hala ere, komunikabideetan irakurri nuen, sentimenduak kontakizunean txertatzeko modua aipatu zutela.
Zein aholku emango zenioke irakasle bati umeak txikitatik irakurtzera bultzatzeko?
Ez dut batere argi. Ni ere irakaslea naiz eta ez dut argi irakurtzera bultzatu beharko genituzkeenik ere. Askatasuna aipatuko nuke bide bezala. Gaur egun ez dago oso modan ikasleei askatasuna ematea eta are gutxiago liburuei dagokioenean. Askotan irakasleek erabakitzen dute ikasleek zer irakurri behar duten eta pentsa! Liburuei buruzko azterketak ere egiten dira! Hori literaturari ostiko galanta ematea da nire ustez. Askatasuna garrantzitsua dela uste dut. Norberak bere barruari entzunda harturiko erabakiek arrastoa uzten dute beti eta horiek dira benetako irakaspenak. Bada toki bat, ordea, irakurzaletasuna bultzatzeko giltzarri dena. Etxea da hori. Ezinbestekoa da haurrek ikustea inguruko helduek liburuetara jotzen dutela: denbora librean, zerbait aurkitu nahi dutenean… bestela jai dugu. Esparru honetan benetako saiakera egin beharko genuke. Badakit ez dela erreza. Hiru seme-alabaren ama naiz eta lanak eta haurren zaintzak ordu asko betetzen dizkidate. Hala ere, denbora faltan bagaude ere, saiatu beharko genuke. Etxeak baitira liburuen alde egiteko leku pribilegiatuena.
Izango dugu aukera helduentzako literaturan zure libururik irakurtzeko?
Ez dakit. Askotan egiten didaten galdera da eta beti gauza bera erantzuten dut: une honetan erosoen haur literaturan sentitzen naizela.
Donostin bizita, faltan botatzen duzu auzoa?
Txurdinagan jaio nintzen eta Begoñan bizi izan naiz 5 urte nituenetik, baina bizitza Santutxun egin dut. Orain, Donostin bizita, jakina auzoaren falta somatzen dudala. Santutxuk auzotar mugimendu sendoa izan du beti eta nik aukera izan nuen horretan murgiltzeko. Esperientzia gazi-gozoak izan ziren, arrazoi ezberdinak tarteko, baina une haiek deskribatzeko hitz politak baino ez datozkit burura. Guzti horri esker egindako harremanak altxor handia dira nire bizitzan gaur egun. Mugimendu hori gordetzen eta zaintzen segi dezala opa diot Santutxuri.
Comments: no replies