Euskaltzaleak aktibatuz, hizkuntza ohiturak aldatu!
11 egun euskaraz… eta gehiago!
«Euskaraldia» euskara Euskal Herri mailan indartzeko egingo den dinamika bat da. Gizartean dauden hizkuntza ohiturak astindu nahi dituen ekimen hau, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte martxan egongo da. Bilboko Euskaraldiak urriaren 7an izen-emate masibo bat egingo du eta bilbotar guztioi deialdia helarazi digute. Hemen azalduko dizuegu zertan datzan «Euskaraldia».
Zer da Euskaraldia?
Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara sustatzeko egitasmoa da. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugunok parte hartzea da asmoa.
Euskal Herri osoan eta elkarrekin, eguneroko hizkuntza ohituretan eragitera goaz!
Nola egingo da?
Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez:
– Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.
– Belarriprest: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.
Non egingo da?
Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan…
Horretarako, herriz herri antolatuko gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.
Zein da helburua?
- Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.
- Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.
- Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.
- Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.
Nork har dezake parte?
16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena.
– Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.
– Belarriprest izateko euskara ulertu behar da.
Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman.
Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!
____________________
Zuk ere Euskaraldiaren antolaketa lanetan parte hartu nahi duzu? Zalantzak sortu ahal zaizkizu? Informazio gehiagorako: santutxun11egun@gmail.com // www.euskaraldia.eus
Comments: no replies