Jaietarako haize berriak
Anita Parker, Arrasateko talde gaztea, helduko dira Santutxura publikoa dantzan jartzeko helburuarekin. Ez ohiko soinuak eta gaurkotasunarekin lotutako hitzak dira haien oinarriak
Nola sortzen da taldea?
Gose taldeak bere ibilbidea bukatzean, Iñakik eta Osoronek SHOT! estudioan musika sortzen jarraitu zuten, eta abeslari trebeak ez zirenez, hurbileko jende artean bilatzen hasi ziren. Estudiotik jende ugari pasatu da urteotan eta Aneren izena irten zen, beraz galdetu eta esperimentura batzea erabaki zuen. Jokaldi bakarreko apostua izan zen, egia esan! Gerora Olatz batu zen bere teklatuarekin eta… «Voila»! hemen duzue Anita Parker!!
Zeintzuk dira gehien eragin dizueten taldeak edo musikariak?
Zerrenda luzea izango litzateke… Arrasateko RIP taldea, bat esatearren. Jarrera eta indarra duen edozein estilotako taldeak gustoko ditugu, Prodigytik hasita, Punk klasikotik pasata, Billie Holidayraino. Baina kantuak egiterako orduan agian egunkaritako titularrek eragiten digute geihago: Altsasukoen kasua, «La Manada»ren epaia, euskal presoen egoera…
Zuen ustez, euskaldun musikari zerbait berririk gehitzen ari diozue?
Gure kantuak gehitzen dizkiogu euskal panoramari. Agian ez oso ohikoak diren erritmoak lantzen ditugu, baina ez dugu gure burua ezerren aitzindari bezala ikusten. Publikoa dantzan jartzea da gure helburua, inor epel ez uztea.
Zuen azken abestian La furia raperoarekin elkartu zarete. Zelan sortu zen elkarlan hori?
Lagun dugu eta gure ibilbidearen hasieratik ondoan izan dugu. Bagenekien bai ala bai zerbait batera egin behar genuela, indarrak batu behar genituela. Elkarrekin lan egiteko genuen gogoa eta inguruan gertatzen ari denak sortzen digun amorru eta haserrea elkartu ditugu, “Orfidal” kantua mundurat ekarriz.
Oraindik zuzenean ezagutzen ez zaituztenentzako, nolakoak dira Anita Parkerren kontzertuak?
Dantzagarriak eta indartsuak dira. Izan ere, guk argi daukagu bizitza honetan mugitu beharra dagoela…eta ba al dago musikaren erritmoan mugitzea baino hoberik? Zer esanik ez binaka, hirunaka edo taldeka egiten dugunean… Plazerra biderkatu egiten da!
Hurrengo hilabetean Santutxuko jaietan joko duzue. Zein kontzertu mota nahiago duzue, kalean ala aretoetan?
Kalean, aretoetan… berdin dio. Publikoa hurbil dagoen edozein kontzertu gustoko dugu, eta dantzan denon izerdia nahasteko aukera baldin badago, askoz ere hobeto!!! Ziur gaude Santutxun ere gustora botako dugula izerdia elkarrekin.
Comments: no replies